Portugalete, uztailaren 16a. Portugaletek gaur aurkeztu ditu ofizialki Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 51. edizioa, Folklore Azokaren 20. edizioa eta aurtengo berrikuntza nagusia izango den Nazioarteko Haurren Folklore Jaialdiaren lehen edizioa (Nazioarteko Jaialdi Txiki).
Aurkezpenean parte hartu dute Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Begoña de Ibarra Kultura zuzendariak, M. José Blanco Portugaleteko alkateak eta Iratxe Santacoloma Elai Alaiko presidenteak.
Aurtengo berrikuntza nagusia Nazioarteko Jaialdi Txikia izango da. Ekimen honen helburua da haur eta gazteen arteko kultura-trukea sustatzea eta musika nahiz dantza tradizionalak hezkuntzarako, bizikidetzarako eta gizarteratzeko tresna gisa balioan jartzea.
Lehen edizio honetan parte hartuko dute Astigar Dantza Taldeak (Astigarraga), Abrente de Bágoas da Terra taldeak (Viveiro, Galizia), Kujawy taldeak (Polonia)
eta Elai Alai taldeak (Portugalete). Astigarko Dantza Taldearen laguntzari esker, taldeek Astigarragan ere jardungo dute, eta larunbatean, 20:00etan, Portugaleteko La Canilla pasealekuan eskainiko dute emanaldia.
Aurkezpenean nabarmendu da gaur egungo gizarte gero eta digitalizatuago batean ezinbestekoa dela musika eta dantza tradizionalak bizirik mantentzea. Jarduera horiek motrizitatea, gorputz-adierazpena, erritmoaren zentzua eta kultur ezagutza garatzen laguntzen dute, eta aldi berean lankidetza, errespetua, elkarbizitza eta aniztasunaren onarpena sustatzen dituzte.
Folklore Azokak 20. edizioa beteko du aurten, Euskaditik eta Galizia, Madril, Katalunia, Palentzia eta Frantziako Gaskoiniatik etorritako 22 artisauen parte-hartzearekin. Programazioak haurrentzako tailerrak, kale animazioa, erromeriak eta Obradoiro Sanín-ek eskainiko duen panderoak egiteko tailerra izango ditu, larunbatean eta igandean 11:00etan.
Bestalde, Nazioarteko Folklore Jaialdiak aurten nazioarteko taldeen parte-hartzea bermatzeko zailtasun bereziak izan dituen arren, Portugaletek Guam, Txile, Turkia, Kongoko Errepublika Demokratikoa eta Kubako taldeak hartuko ditu, baita Elai Alai ere, Bizkaiko eta Nafarroako dantza tradizionalen ikuskizun berezia eskainiko duena.
Emanaldiak uztailaren 20tik 23ra izango dira, 21:00etan, La Canilla pasealekuan. Jaialdiari amaiera emateko, uztailaren 26an, 21:00etan, Munduko Dantzak ikuskizuna berreskuratuko da Carlos VII. etorbidean, parte hartuko duten talde guztiak agertoki berean bilduz.
Gainera, nazioarteko taldeek Euskadiko hainbat udalerritan ere eskainiko dituzte emanaldiak, besteak beste Getxon, Ermuan, Elgoibarren, Berrizen eta Sondikan.
Elai Alaik eskerrak eman dizkie erakundeei, laguntzaileei, komunikabideei eta parte hartuko duten talde guztiei, eta herritar guztiak gonbidatu ditu Portugaleten kulturarteko topagune paregabe hau bizitzera, musikaren, dantzaren eta herri-tradizioen bidez.