Haritz Euskal Dantzari Taldea

Haritz Euskal Dantzari Taldea 1973.urtean sortu zen, Elgoibarko Izarra kultur taldetik
eratorrita. Hasiera batean mutilen taldea izan arren, hurrengo urtean neskak batu eta
aldaketa askoren ondoren, itxura hartzen joan zen.
1986an, Udalaren laguntzarekin eta zuzendaritzako aldaketekin, Portugaleteko Elai Alai
taldearekin eta Juan Antonio Urbeltz koreografoarekin harremanak hasi zituen. Orduz
geroztik Juan Antonio Urbeltzen hainbat ikuskizunetan parte hartu dute Haritzeko
partaideek, Euskal Herriko eszenatoki handienetan dantzatuz, besteak beste, Bilboko
Arriaga Antzokian, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Iruñeako Baluarten, Gasteizko
Printzipal Antzokian edota Biarritzeko Gare du Midin.
Hortaz gain, 1987.urteaz geroztik Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzen du Portugaleteko
Elai Alai taldearen laguntzarekin, aurten XXXVIII.n Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatuz.


Gure Kai EDT


Gure Kai, Debako euskal dantzari taldea da, 1950eko hamarkadan sortua. Herriko dantza
tradizionalak berreskuratu eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko helburuarekin sortu
zena. Ordutik gaur arte, taldeak lan handia egin du Debako eta inguruko herrietako dantza
tradizionalak mantendu eta herritarren aurrean plazaratzeko. Dantzez gain, dantzek
kontatzen dituzten historia, kultura eta balioak ulertzera eman eta partekatzea ere
funtsezkoa izan da taldearentzat.
Gure Kai EDTren jarduna ez da Debako ospakizun egunetara mugatu, baina San Roke
jaietan funtsezko papera betetzen du. Beste hainbat herritan bezala jaunaren aurreko
ezpata dantza edota soka dantza plazaratu ohi dituzte egunotan, baina Gure Kai dantza
taldeak berea duen ekitaldi berezirik baldin badauka, Abuztuaren 16an San Roke egunez
plazaratzen duen San Roke dantza da. Dantza hau ezpata-dantza bat da, ezpata dantza
orok bezala bere ezaugarri propioak dituena. Ezpaten ordez makilak erabiltzen dira, eta
bereizgarri gisa, zubiak goitik zein behetik egiten dira. San Roke egunez ez ezik, Debarren
egunean ere egin ohi dute ezpata dantza, Debarren egunean San Roke auzoko ermitaren
kanpoaldean soilik, San Roke egunez baita kalez kale ere.
San Roke egunaren biharamunean ere, Marinel egunez, kalez kale aritu ohi dira Debako
zein Euskal Herri osoko dantzak burutuz. Batez ere Jorrai dantza eta Kaskarots dantzak dira
egun honetako sonatuenak, eta urtetik urtera gero eta herritarren parte hartze oparoagoa
dute.
Horrez gain, urtean zehar ere baditu Gure Kaik egutegian gorriz markatutako egunak.
Horien artean, urteko lehen larunbatez ospatu ohi den Soro Feria, Ihauteriak, San Juan
bezpera, Euskal Jaia, gaba Beltza, etab.. Hauetan guztietan, dantza tradizionalak oinarri
hartuta kultura herrikoia sustatzea dute helburu. Hainbat urtetan, Folklore jaialdia ere egiten
zuten uztailean, baina pandemiaz geroztik ez da egin, hainbat arrazoi medio. Debako dantza
eskolaren ardura ere badu Gure Kaik, eta bertan haur eta gazteen dantzarako grina
sustatzen dute, etorkizuneko belaunaldiek ere herriko dantzak plazaratzen jarraitu dezaten.

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Argazkiak

Patrocinadores